Joan edukira

Topoaren tunela, nire haurtzarotik hona

maiatza 23, 2013

topoa1 (donostia.org)

Lau hilabete barru berrogeita hamar urte beteko ditut. Herenegun irakurri nuen Topoak ehun urte bete dituela. Hori jakin ondoren, zera pentsatu nuen: Topoak ehun urte egin baditu, eta ni berrogeita hamar betetzeko banago, horrek esan nahi du ni jaio nintzenean Topoak berrogeita hamar urte inguru zeramala aurrera eta atzera. Eta harrigarria egin zitzaidan hori pentsatzea, ni txikia nintzenean Topoa betidanik existitzen zen zerbait zelako, itsasoa edo eguzkia bezain izaki zaharra, bizitzarekin batera mundura sortutako zerbait baitzen niretzat Topoa umea nintzenean.

Halako sentipenaren arrazoiak bilatzeko hasi nintzen horren inguruan hausnartzen. Saiatu nintzen, beraz, nire lehen haurtzaroko oroitzapen zaharrenak berreskuratzen. Iruditzen zait gutako guztiok egin izan dugun ahalegina dela hori: urteetan atzera jo eta gogoan dugun lehenengo bizipena oroitzea, dela amaren magalean igarotako unea, dela halako jakia lehen aldiz hartzean izan zuen gustua, memorian iltzatutako soinuren bat, usainen bat agian… baina nik, atzerako bidaia pertsonala egin, eta lehen oroimen gisa gogoan dudana da etxeko balkoian egotearena, Topoari begira.

Garai hartan Topoa tren txiki eta ahula zen, urdin kolorekoa eta bi bagoitakoa. Lehen bagoia trenaren motorra zen, pantografotik behera argindarra xurgatu eta konboia aurrera zeramana. Atzeko bagoia xumeagoa zen, bidaiariak garraiatzeko traste soil soila, aurreko bagoi-makinari erantsitako apendizea.

Topoa2 (donostiakultura.com)

Etxeko balkoitik begira Topoa ikusten nuen Anoetatik Loiolara, Loiolatik Anoetara. Oker ez banago –eta uste dut ez naizela oker egongo, harez geroztik trenen ordutegiak ikastea nire obsesioa bihurtu zelako– ordu laurdenero egiten zuen Topoak alde baterako zein besterako ibilera, eta horietako bakoitzean, ni oraindik erdaldun hutsa izanik, “adiós topetete, adiós topetete” esaten nion nire begiradaren aurrean ezker-eskuin edota eskuin-ezker zebilen tren txiki urdinari.

Ni horretan ikusita, nire gurasoei denbora-pasa errazena ni Topoan ibiltzera eramatea suertatu zitzaien. Garai hartan Topoaren azken –edo lehen– geltokia Amarakoa zen, baina ez oraingo Easo plazakoa, baizik eta Easo kalearen hasieran, Urteurren plazan, zegoen kaxeta bat baizik. Ondo dut gogoan trena Hendaiatik iristen zenean, makina aurrean zuelarik, maniobra egin behar izaten zuela: bidaiariak utzita, trenak berriz atzera egiten zuen metro batzuk, gero makina eta atzeko bagoia askatu, eta Topoaren makinak trenbidez aldatu ondoren, hango aldera zihoan, Morlans aldera, bagoiaren aldameneko aldean ipintzeko. Behin bagoiari beste aldetik berriz engantxatuta, Easo kaleko haserako kaxetara zetorren berriz Hendaia aldera irteteko prest, oraingoan makina Anoeta aldera begira.

Askotan hartu izan genuen tren urdina. Lehenbiziko erritoa kaxeta hartako txikle makina batean pezetan salgai zeuden txikle borobil haietako bat erostea zen. Ondoren Topoan sartu kartoizko tiket berdeak erosi eta gero, beti ere atzeko bagoian. Niri hala gustatzen zitzaidan, bagoi hark atzekaldean leihoak baitzituen, eta horri esker trenak aurrera egin ahala, beti zegoen ikusterik atzean utzitakoa. Martxan dagoen trenetik atzera begiratu ahal izatea nire plazer txiki handia bihurtu zen horrela. Batzuetan zorte handiago edukitzen genuen, eta atzeko bagoiak balkoitxo bat zuen atzera begira, eta hala zenean nire zoriona deskribatzerik ez zegoen!

topoa3 (naiz.info)

Horrela irteten zen Topoa Amaratik. Errondo pasealekutik abiatzen zen, Amara Berriko etxeen ondotik. Anoetaraino iristen zen, eta urte haietan lur azpiko geltokia egin gabe zelarik, oraingo estadioaren –orduko atletismo pistaren– parean igarotzean lur gaineko trenbide-pasagunea zegoen, bertan barrerak jaisten zirela tren txikia pasatzerakoan, Erresidentziara zihoazen anbulantzien kalterako.

Gero Topoak Loiola aldera egiten zuen, gaurko Erriberatan baratzeak besterik ikusten ez zirela. Loiolakoa zen lehen geltokia Donostiatik atera ondoren, eta bertatik abiatuta Urumea zeharkatu behar zen barandarik gabeko zubitxoan. Niri beldurra ikaragarria sortzen zidan pasarte horrek, Topoaren triki-traka mugimendu zatarrarekin bagoiak ibaira eroriko zirela ematen zuelako.

Eta ondoren zetorren gauzarik handiena. Loiolatik Herrera arte tunel luze bat zegoen, zuzen-zuzena. Nire aitaren arabera hiru kilometrokoa zen, auskalo. Gauza da Topoa tunelean sartu orduko, iluntasuna gailentzen zihoala tunelaren sarrera geroz eta atzerago, geroz eta urrunago geratzen zen heinean. Nik beti hartzen nuen Topoaren azkeneko eserlekua espektakulo hura ez galtzeko. Zazpi urte besterik ez nuen izango, baina oroimenean grabatuta dut betirako tunel luze hura nola luzatzen zen geroz eta gehiago, tunel haren sarrera nola geratzen zen urrutiago, iluntasunak bagoi osoa harrapatzen zuelarik. Topoaren bagoi hark leihoak besterik ez zituen, Intxaurrondo azpiko harri bizia ongi baino hobeto erakusteko, eta lurraren zulo hura geroz eta luzeago zen, satorrak egindako bidexkaren antzera, argitasun puntua txikiago eta txikiago egiten zelarik topoak Herrerako geltokirako bidea egiten zuenean.

Hiru edo lau minutu izango ziren agian, baina niretzat magia hori eternala zen ia. Azken azkenean, tunelaren sarrerako puntua argi txiki txikia zenean, Topoak tunelari agur esan eta beste aldetik irteten zen argira, zerura, Herrerako geltokira. Mirakulua kontsumatua zen, satorraren itsu bidea amaituta. Gero, Herrerako geltokia utzita, tunel gehiago zetozen, batzuk zuzenak, beste batzuk kurban edo aldapan zulatuak, baina beti ere Loiola eta Herrera artekoa baino laburragoak, sinpleagoak, arruntagoak.

topoa3 (donostia.org)

Nire gurasoek Errenteriara eramaten ninduten paseatzera, edo Irunera, edo frankismo garaian gauzarik exotikoena, Hendaiara, “frantziara”. Baina nik herri haietako kaleetan nengoela gauza bat bakarrik nuen buruan, berriro Topoa hartu eta bueltan Herrerara iritsi. Zeren eta geltoki hartatik irten bezain laster Amarako geltokirantz, berriro beteko baitzen satorraren misterioa: hiru kilometroko tunel luzean, iluntasuna gailentzen joango zen sarrerako argia geroz eta txikiago bihurtzen, geroz eta urrunago, geroz eta ahulago, hiru edo lau minutuz agian, trenaren triki-traka bortitzak kristalak harriaren kontra arrisku osoz bultzatzen zituen bitartean, burdinbidearen gainean trenaren argi eskasa islatuko zelarik tunel zuzen luze hartan, ia etengabe, ia gaur arte, ia nire bizitza guztirako, ezin izango baitut sekula oroimen hura burutik kendu. Azken finean, iruditzen zait nire bizitzaren lehenbiziko oroimenetakoak direla haiek: goizean Topoari balkoitik agur egin, eta arratsaldean Topoaren atzeko eserlekuan jarri, trenak atzean uzten zuenari begira, tuneletako misterioa argitu nahian. Indarrez nabari dut uda honetan bertan zerbitzutik kanpo geratu den Loiola eta Herrera arteko tunel luzeegi hartako iluntasunak estali nauela ordutik orain arte, tunel horren sarrerako argi-puntu iheslaria izan dela nire bizitzaren erreferentzia, itsasoko faroa marinelentzat bezala, ordutik eta betiko.

(Irudiak, Donostiako Udaleko web-orritik hartuak)

Advertisements

From → Bestelakoak

Utzi erantzun bat

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

%d bloggers like this: